XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3.8. Bereizkeria jasanez gero edo atxilotuz gero, ematen diren gomendioak

1.- BEREIZKERIA EDO ERASOREN BAT JASANEZ GERO

Legeetan ezarrita dauden eskubideak, pertsona orori edo langile orori dagozkionak, aitortu edo errespetatu ezean, arraza-bereizkeria egiten da.

Arrazoiak asko dira: desberdina izatea, beste etnia batekoa, atzerritarra edo larruazal-kolorea desberdina edukitzea.

Bereizkeria gizarte-arlo askotan egin daiteke:

Lanean, etorkinei eta beste gutxiengo batzuetako kideei lan-hitzarmenean izenpetu diren edo gainerako lankideek dituzten baldintzak eta soldatak baino txarragoak aitortzen zaizkienean.

Zerbitzu publiko nahiz pribatuetan (etxebizitza, hezkuntza, osasuna, tabernak, diskotekak, etab.), pertsona batzuei zerbitzu horiek ukatu edo baldintza txarragoetan eskaintzen zaizkienean.

Erasoak egiten dituzten gizabanakoak salatzeko edota herri-segurtasuna zaindu baino harantzago doazen funtzionarioak salatzeko, kontuan izan hurrengo aholku hauek:

Ahalik eta datu gehien izan behar duzula gogoan: erasotzaileak nolakoak diren (erasotzaileen itxura, jazkera, entzundako izenak, erabilitako ibilgailuak, erasoa gertatu den kalea, zenbakia, ordua, etab.)

Gertatutakoa ikusi duten gehientsuen datuak eskuratzea (izenak, helbideak, telefonoak).

Eraso fisikorik jasanez gero, ospitale batera joan behar da mediku-laguntza jasotzeko eta oso garrantzitsua da egiaztagiria eskatzea, non lesioen xehetasunak, osasundegiaren izena eta parte hartu duen medikuaren izena eta izenpea jasotzen diren.

Erasoaren salaketa aurkezterakoan, batez ere poliziaren erasoa izan bada, on da edozein elkartasun-elkarteri jakinaraztea edo elkartekide batekin joatea.

Edonola ere, arraza-erasoren bat jasan edo ikusiz gero, gorago aipaturiko datuak izan ala izan gabe, legezko egoera izan ala ez, ahalik eta azkarren jakinarazi behar zaio edozein elkartasun-elkarteri edo etorkin eta gutxiengo etnikoen aldeko elkarteri.